XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Bide onean sartu gara

GURE artean anitz erabiltzen dugu eskatu aditza.

Ez ote gara eske bizi Euskaltzaleak azkeneko aspaldi honetan? Edozein sail abia dezagun, ikastola, gau-eskola, antzerki, irrati, bertso, dantza, kantu, lanpostu-sortze, eske joan behar dugu erromes batzuk bezala.

Hautetsien ondotik batean eta bestean botere zerbait dutenen bulegoetan.

Azkeneko 30 urte hauetan eske edo deika daramatzagun urratsak kontatu nahiko dituenak ukanen du lan!

Ori, duela bi mila urte gomendiatu zitzaiguna ederki betetzen dugu hemen, sinestez edo ezinbestez gabiltzalarik galda ezazue eta ukanenduzue (?) edo-eta atea aski jotzen duenari, irekiko zaio, bakearentzat bederen...

Gure beharren adierazteko hor dira ere grebak, manifestazioak, eta abar.

Baina bada beste bide bat oraino, hau da: alderdi politikoen bidez lan egitea, gero alderdiak elkarturik maioria bat osatzea eta orduan, hogeita hameka eta esku, hitzartu programa obratzen da gehiengoaren izenean.

Jokabide horiek guziak, bata bestearen ondotik datozke elkar lagun eta osa dezaketelarik.

Bistan dena, gauzak ez direla sekulan horren argi.

Eta bestalde maioria mota frango bada: ezkertiarrena edo eskuintiarrena, adibidez Frantzia edo Españia bezalako Estatu zaharretan dakusagun bezala; baina badira ere krisialdietan biltzen diren gobernu orokorrak zeinetan ezkerrekoak eta eskuinekoak batzen baitira Estatu edo Nazioaren interes nagusiak salbatu behar direlakoan.

Euskal Autonomia Erkidegoan, ekainaren 11an, lau alderdik behin behineko gehiengo bat osatu dute Eusko Jaurlaritzak proposatu legegai baten bozkatzeko: EAJ, EA, HB eta IUk.

Laukote horrek, bat egin du, kirol sailean, Euskal Ordezkaritza bat antola ledin nazioarteko neurketetan parte hartu ahal izateko gisan.

Aspaldian igurikatzen genuen horrelako erabaki bat, kirolaren eragina handia izan daitekeelakotz herrigintzan.

Baina horrelako batasunaren zain gaude euskal eskuin eta ezkerraren gandik beste asko eta asko sailetarako ere.

Ez ote genuen hori eskatzen, hemendik beretik, duela hilabetea, eta aski garbiki?

Funtsean baditu urteak gauza bertsuak errepikatuz goazela eta loriatu gara bozkatze horren berri ukan dugunean.

Bagenekien harremanetan zebiltzala baina ez genuen uste horrelako ekintza baten bezperan ginenik eta tupusteko batasun horrek, hauskorra dela jakinik ere, atseginez bete gaitu.

Badakigu ez garela oraino buruan, baina hor eman zaigu halako ddasta bat bezala zer izan litekeen gure bizi politikoa: ezkerra eta eskuina duintasunez jokatu dira, beren arteko lehiaketari jarraikirik ere, jakin dute bateratzen aberriaren alde urrats baten emateko...

Joan den astelehenean, ekainaren 29an, egundainokotan berriz hiru talde abertzaleek batean bozkatu dute, EAJ, EA eta HBk, Español Konstituzioari zin egitea baztertzeko.

Alderdi horiek oroz gainetik abertzale daudela erakutsi dutenetik, entzun ote dituzue español inperialistak, zeinek gorago, otsoak bezala arrobiaka, beldurra sarrarazi nahiz? Bide xuxenean garenetz jakiteko ez da horien entzutea baino froga hoberik.

Zorionak beraz eta esker mila, elkar hiltzerainoko herrak dirauelarik, elkarrizketari eutsi nahi diotenei.

Bide lerrakor horretan goazelarik lagungarri dituzkegu Irlandarrek baketzeari buruz ematen dituzten pauso bikainak.

Ikus joan den igandeko hauteskundeen emaitzak. Hor ditugu ere gogoetarazle kabyliar populu dohakabearen joan den asteko intziriak.

Aljerko botere arabiartzaleak, frantsesa baztertzeko aitzakian (?), itotzen ditu gutiengoen hizkuntzak.

Ikus dezakegu hor erro bakarreko ihardukitzaren nagusigo bortitza.

Kabyliarrek anitz egin dute Frantsesen menetik askatzeko baina bistan da beharko zuketela, haste hastetik, beren berezitasuna onartarazi FLNaren baitan. Hori guzia irakaspenbide izan bekigu.

Hegoaldean, bide onean sartu zaizkigu beraz: Elkarri, ELA, LAB, eliz gizonek eta herritarren deiek bide berri bat ireki dute azkenean, Mendekoste haizea lagun.

Eta gure bihotz zaurtuak goxatu dira, anaiak elkarri hurbiltzean.

Gogora datorkigu Gernikako haritza, hantxe zegoena, zaharraren gogortasun eztiarekin bere haurren bilkuraren zain, aspertu gabe.

Orain bere ume guziak inguruan babesle sumaturik, indartuko da, izerdia joanen zaiolarik zainetan goiti, hosto ederrenez jantziko baita berriz.

Hostaturik fruitu emanen du, Hegoaldean nola Iparraldean: eta herritar guzien onerako bada ingurukoek ere ez dute deus galduko...